Badira bi urte jada
Chenaló udalerriko talde paramilitarrek, Txiapaseko Los Altos eskualdean,
erasoak hasi zituztela: mehatxuak, tiroketak, suteak, jazarpenak etab. Hauek,
Munición de Aldama herriaren kontra bideratuak dira batik bat, biztanleria
zapatista zein ez zapatistaren kontra. Talde paramilitar horien ekintzak ez
dira inoiz jazarriak izan, ez Gobernu Federalaren partetik ezta Estatu edota
udalerrien aldetik ere. Ondorioa: hildako ugari eta milaka pertsonen behartutako
lekualdatzeak.

Pasa den abuztuaren
22an, Ocosingoko “Organización Regional de Caficultores” (ORCAO) elkarte
ofizialistarekin harreman estua duen talde paramilitar batek, “Nuevo
Amanecer del Arcoiris
” izeneko kafe sotoa erasotu zuen, Lucio Cabañas
udalerri zapatistan kokatuta dagoena. Horretarako, arma astunak erabili
zituzten eta, ondoren, dena arpilatu eta sua eman zioten sotoari berari. Horrek
guztiak, berez kinka larrian zegoen testuinguru bat larriagotu besterik ez zuen
egin. Azken eraso horiek, iazko apirilaz geroztik eskualdean izandako
indarkeria-gorakadarekin batera, komunitate zapatistak suntsitzeko plan eta
estrategia baten presentzia aurreikusten dute.

ORCAOk historia
paramilitar luzea du bere inguruan: eraso armatuak, bahiketak, idokitzeak eta
beste hainbat delitu. Komunitate zapatistak desagerrarazteko eta haien lurrak bereganatzeko
estrategia ez du inoiz ezkutatu. Erakunde paramilitar honetako kideek, sasoiko
gobernuekin izan ditzaketen loturek ere zeharo kezkatzen gaituzte. Horrek, 1994tik
aurrera gobernu federal eta estatalek komunitate zapatisten aurka piztutako
gerra zikinaren aurrekari odoltsua kontuan izanda, erabat kezkatzen gaitu.

Talde horien ekintzek
zigorrik gabe jarraitzen dutela ikusita, jarduera horiekiko konplizitate
federala ematen dela ondorioztatu dezakegu. Komunitate zapatistek gobernuaren
mega-proiektu handien eta nazioz haraindiko proiektu estraktibisten aurkako
jarrera aldarrikatu izan dute beti, baimenik gabe haien lurraldean martxan jarri
nahi izan direnak; horrez gain,  gobernuaren programa asistentzialistak ukatu
izan dituzte beti, gizarte-sarea hautsi eta komunitateak sasoiko gobernuetara
lerrokatzera behartzen baitituzte. Hori al da, bada, komunitateekiko indarkeria
politikoaren gorakadaren jatorria?

Guzti hori kontuan
hartuta, komunitate zapatisten kontra bideratutako eraso paramilitar hauek
salatzeko ahotsa altxatu nahi dugu, baita Gobernu Federal, Estatu eta
udalerriek duten lankidetza osoaren kontra ere.


Source: http://www.lumaltik.org/eu/feed/